PORTADA > PRENSA

Zurrumurru xenofobo eta arrazisten aurkako sareak. Andrea Ruiz Balzola. Antropologian doktorea

«Egiturazko arazo batez ari gara, ez pertsona jakin baten arazoaz»

Berria: 13-06-2018

Jon Rejado

Andrea Ruiz Balzolak nabarmendu du ideia xenofoboen atzean arazo sozial bat dagoela, estruktura ekonomiko batzuekin lotua. Ordea, ohartarazi du mezu batzuek oinarri hori ezkutatu nahi dutela.

«Zurrumurruak gizartean bizitzearen ondorio dira. Ezin dira saihestu». Andrea Ruiz Balzolak (Bilbo, 1973) Salburua auzoko zurrumurruen aurkako sarearen lehen prestakuntza saioa eman zuen. Antropologian doktorea da, aniztasun eta migrazio gaietan aholkularia eta ZAS Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sareko kidea. Salburun gaiari buruzko oinarri teorikoaren berri eman zuen. «Zurrumurru guztiak ez dira kaltegarriak, baina, izanez gero, horiengan eragin daiteke».

Zer dago zurrumurruen atzean?

Estereotipoak daude oinarrian. Estereotipoen bitartez eraikitzen dugu gure ingurua. Ezin gara kaosean eta muturreko konplexutasunean bizi. Ordea, estereotipotik aurreiritzira pasatzen garenean, egoera aldatu egiten da. Emozio bat txertatzen diogu estereotipoari, eta horrek eraman gaitzake jokabide batzuk hartzera. Eremu horretan eragin dezakegu guk.

Formazio saioan azaldu duzu diskurtso gaiztoek forma aldatzen dutela, baina muina mantentzen. Nola prestatu daitezke herritarrak horren aurka?

Kuriositatea landu behar da: gauzak bitan pentsatu, erotu gabe. Kultura oharkabean transmititzen da, hein handi batean. Prozesu mantsoak dira, bizitasuna lehenesten duen gizarte batean.

Gizartearen erritmoa traba da?

Gure gizartearen ezaugarrietako bat abiadura da. Erraz sal daitezkeen diskurtsoak eta ezagutzak sortzen dira. Zer esan nahi digute? Zer ari dira ezkutatzen? Diskurtso asko sortzen dira ikuspuntu indibidualistetatik. Ezkutatu egin nahi dute ideia xenofoboen atzean dagoen arazoa ez dela indibiduala. Arazoa soziala da, egitura ekonomiko zehatz bati lotuta.

Zer garrantzi du horren oinarri ekonomikoak?

Edozein azterketatan ezin dugu ardatz sozioekonomikoa ahaztu. Duela 50 urte, azterketen oinarria ekonomikoa zen nagusiki. Europan izan diren aldaketekin ematen du bat"batean dena dela gai identitarioa eta kulturala. Kontuz. Bertatik ezin da dena azaldu. Oreka bat bilatu behar da bizi ditugun egoera konplexuak ulertzeko, eta aldagai sozioekonomikoa hor dago, modu argian, arrazakeriaren gaiaren atzean.

Hots, jatorri estrukturala du.

Ez dugu hori galdu behar, bestela gu geu gal gaitezke. Egiturazko arazo bati buruz ari gara, ez pertsona jakin baten arazoaz. Sistema ekonomiko jakin batekin lotuta dago gertatzen dena.

Zer"nolako garrantzia du nortasunen eraikuntzak?

Nortasuna harremanetik sortzen da. Hau da, beste batekin harremana dudanean eraikitzen dut nire burua, eta, ondorioz, ni naizen horretan bestea ere agertzen da. Interesgarria da, baina dimentsio politiko handia du, identitate itxi eta baztertzaileen munduan.

Adibidez?

Espainian Latinoamerikako herrialde batzuei buruz eraiki den identitatea historiaren ondorio da: mendeetako kolonizazioak zeharkatzen du. Horren ondorioz ikusten dugu Latinoamerikako emakume bat modu zehatz batean. Estereotipo multzo bat izango du inguruan, kolonialismoan eta neokolonialismoan eraikiak.

Ba al dago horri aurre egiteko estrategiarik?

Guretzat, oharkabean gertatzen diren loturez ohartzea interesgarria da. Ahalbidetuko digu besteengana beste modu batean gerturatzea. Bizkarrean daramagun motxilatik adreilu oso astunak kentzearen modukoa da: lasaiago eta arinago ibiliko gara.

Arrazakeriaren aurkako borrokak feminismotik zer ikasia duela aipatu izan duzu. Zergatik?

Mendebaldeko gizarteek nortasun kategoriak bi multzotan sailkatu zituzten: maila kulturalean daudenak, etnia, erlijioa edo nazionalitatea kasu; eta naturaren alorrean daudenak: arraza eta sexua. Beste gizarte batzuetan hori ez da horrela. Ordea, gurean egiten dugun banaketa horren ondorioz, pentsa daiteke sexua eta arraza kategoria aldaezinak eta unibertsalak direla. Horregatik diot borroka eta estrategia feministek aliatu garrantzitsuak dituztela arrazakeriaren aurkako borrokan. Emakume ikerlari askok esan izan dute borroka feministak arrazakeriaren kontrako borroka ere izan behar duela.

Ba al dago modurik kategoria horiei aurre egiteko?

Oro har pentsatzen dugu gizarte gisa aldaezina dela naturaren alorrean dagoena: zientziaren alorrean, biologian, genetikan. Arazoa dikotomia horretan dago: natura"kultura. Hori apurtu egin behar dugu, zilegitasuna ematen baitio ezberdintasun egoera bati.

Zer erabilgarritasun dute zurrumurruen aurkako sareek eta bide horretan herritarrak ahalduntzeko ekinbideek?

Oso interesgarria da herritarrek horrelakoetan parte hartzea. Jakin dezatela zurrumurruen kontrako estrategiek zer nolako erabilgarritasuna eta eragin eremua dituzten. Ez dugu mundua aldatuko, baina badugu non eragin. Proiektu interesgarriak dira, beharrezkoak. Hainbat tokitan esku hartze interesgarriak egiten ari dira. Galdera da zer mundu eraiki nahi dugun.

Fuente

Volver a prensa hoy