PORTADA > PRENSA

ATZEKOZ AURRERA. Tiziana Barilla. Kazetaria

«Errefuxiatuen harrera ez da helburua, bide baten abiapuntua da»

Berria: 08-11-2018

ZIhara Jainaga Larrinaga

Erreferente bihurtu da Italia hegoaldeko Riace herria, errefuxiatuen harrerari dagokionez. Desagertzeko zorian zegoen, baina 1.500 biztanle ditu gaur egun, bertako alkate Domenico Lucanoren politikari esker.

Duela hogei urte iritsi zen lehen belaontzia Italia hegoaldeko kostan dagoen Riace (Calabria, Italia) herrira. Kasualitatea izan zen. Haizeak zakar jotzen zuen 1998. urteko egun hartan, eta 200 errefuxiatu kurduz betetako belaontzia noraezean zebilen. Eguraldi txarrak lehorrera desbideratu zuen arte. Momentu hartan, herritar guztiak gerturatu ziren laguntza ematera, eta ordutik harrera herria bilakatu zen Riace. Utopia de la normalidad. Riace, el modelo de acogida de Domenico Lucano (Normaltasunaren utopia. Riace, Domenico Lucanoren harrera eredua) izenburupean, bertako egoera azaltzen duen liburua argitaratu du aurten Tiziana Barilla kazetariak (Reggio di Calabria, Italia, 1979). 26 nazionalitateko 1.500 herritar ere hartu ditu azken urteotan Riacek. Zer nabarmenduko zenuke bertatik? Duela hogei urte hilzorian zegoen herria da Riace. Italia hegoaldeko herri askoren gisara, herritarrek bizitza hobe baten bila alde egiten zutelako Italia iparraldera, Buenos Airesera edo New Yorkera, besteak beste. Ondorioz, ia ez zegoen bizitzarik bertan. Azken urteotan, baina, beste herrialde batzuetako jendearen iritsierak herria zeharo aldatu du. Azpimarratzekoa da ateak irekita lo egiten dutela bertako herritar guztiek. Horrez gain, esango nuke herriak bi irudi erakusten dituela: batetik, migrazioa, hau da, bizitzeko beste era bat posible dela; eta, bestetik, ezkerreko politikekin lan egin daitekeela. Munduan eragin handiena duten pertsonen zerrendan 40. postuan dago Domenico Lucano herriko alkatea. Nola deskribatuko zenuke? Gizon ezkertiarra eta libertarioa. Eta baita oso burugogorra ere. Riaceko harrera ereduaren bultzatzaile nagusia izan da. Agintari gehienen aurka jardun behar izan du une oro. Eta, egun, migrazio ilegala sustatzeaz akusatuta dago. Duela gutxi, atxilotu egin zuten, eta ezin da sartu Riaceko esparruan. Botere handia duten pertsonak ageri dira zerrenda horretan. Zer esan nahi du harentzat horien artean egoteak? Zerrenda horretan dagoen munduko alkate bakarra eta lehen italiarra da. Zerrenda hori komunikabideek eragin handia duten pertsonekin baino gehiago jende boteretsuarekin lotu izan dute, bertan dauden gehienek sistema kapitalistarekin lotura dutelako. Halaber, Domenicoren aldean, beste politika batzuk egiten dituzte. Ez nuke esango gezurra denik Domenico gizon boteretsua dela: ideien boterea du. Zertan datza Lucanoren harrera eredua? Harrera eredua dela esaten dugu, baina ez da harrera eredu hutsa. Hau da, errefuxiatuen harrera ez da helburua, bide baten abiapuntua da. Halaber, Riaceko gobernu"proiektua migranteentzat eta herritarrentzat da. Era horretan, errefuxiatuen iritsierak bi gauza ekarri dizkio Riaceko herriari: batetik, bizitza, eta, bestetik, diru publikoa guztientzako proiektuak egiteko. Zein izan zen herritarrek emandako erantzuna? Erantzun bikaina eman zuten herritarrek. Duela urte askotatik, Riacen urtero ijitoen jaia ospatzen dute, eta ohitura da jaira joaten diren ijito denei etxeetan harrera egitea. Hortaz, ohituta zeuden etortzen ziren guztiei etxeetako ateak irekitzera. «Eredu bat gizartean nagusitzen bada, esporta daitekeen eredu baten aurrean gaude». Lucanoren hitzak dira horiek. Bat al zatoz? Bai. Riaceko ereduak pertsonak eta beraien eskubideak burokraziaren gainetik jartzea defendatzen du. Azken finean, ondo pentsatutako ikuspegi politikoa da. Halaber, giza eskubideak dira obeditu beharreko lege bakarra; hortaz, mugitzeko askatasuna gizarte osoaren eskubidea da. Domenicok dioen bezala, Riacen lortu bada, munduko edozein lekutan lor daiteke. Zein etorkizun du Riaceko herriak? Bide beregain bati jarraituko diola iruditzen zait, diru publikorik gabea. Nolabait esateko, proiektu politiko bat martxan dagoenean, motorrean sartzen zaion gasolina alda daiteke, baina autoak berdin jarraituko du aurrera. Kontua ez da kantitatea, hots, herrian zenbat migrante egongo diren. Gaur egun arte eraikitako guztiari eustea izango da gakoa. Zer eman dizu liburu hau idazteak? Liburua idatzi ostean adore handiagoa dudala sentitzen dut. Italiarren artean errenditzeko joera nagusitzen da betidanik. Halaber, txikitatik ezintasun sentimenduarekin hazi naiz. Domenicorekin egindako bidaia honek, baina, erakutsi dit Domenico bera zein Riace ez direla ezerezetik sortu, ibilbide historiko baten fruitua direla, alajaina.

Fuente

Volver a prensa hoy