HAISERA > PRENTSA

Migrazioari erantzun «bateratua eta solidarioa» emateko itun bat egin dute

Berria: 2019ko-12-01

Edurne Begiristain

Eusko Jaurlaritzak, EAEko instituzioek eta gizarte eragileek Migraziorako Euskal Itun Soziala landu dute. Xenofobiari aurre egiteko tresna bat da

Migrazioari «erantzun bateratua eta solidarioa» eman nahi die Migraziorako Euskal Itun Sozialak. Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioek eta migrazioaren alorrean lan egiten duten gizarte eragile ugarik landu dute akordioa, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak atzo aurkeztu zuen, Gasteizen. Migrazioa mundu osoan gertatzen ari den «egiturazko errealitate» bat da, eta beharrezkoa da fenomeno horri erantzun «egokia» ematea, Urkulluk aurkezpenean azaldu zuenez. Hala, itunak migrazioaren ertz guztiei heldu nahi die, «ikuspegi etiko, prebentibo eta proaktibo» batetik erantzunak proposatuta. Jaso nahi genukeena eskaini. Horixe da Migraziorako Euskal Itun Sozialak duen izenburua. Ideia horri heldu zion lehendakariak bere hitzaldian, eta galdera batekin laburbildu zuen itunaren mamia: «Zer nahiko genuke jaso migratzaile, errefuxiatu edo egoera kaltebera batean den pertsona baten azalean egongo bagina?». Itunak, hain justu, edozein migratzailek nahiko lituzkeen «duintasun baldintzak» jasotzen ditu, Urkulluren esanetan. Xenofobiaren aurkako tresna Lehendakariak uste du euskal gizarteak «batasunez eta elkartasunez» erantzun behar diola «populismo xenofoboaren mehatxuari». Eta ituna horretarako tresna izatea nahi dute, haren hitzetan: «Mezu xenofoboa erabiliz abantaila politikoa lortzeko edozein asmoren aurrean, batasun soziala eta politikoa mantentzeko konpromisoa hartu nahi dugu». Ituna sinatu duten eragileek eta instituzioek konpromisoa hartu dute hamar lan ildo aurrera eramateko, nork bere esparru eta eskumenen arabera garatzeko. Besteak beste, lankidetzarako konpromisoa hartu dute beste eragile batzuekin zein Europako Batasunarekin «erantzukidetasun» printzipioa sustatzeko. Immigrazio erregularizatuaren aukerak areagotu daitezen lan egiteko konpromisoa ere hartu dute, bai eta nazioarteko babes eskatzaileen eta errefuxiatuen harrera eta integrazioa Europan, Espainian eta EAEn «modu kuantitatiboan eta kualitatiboan» hobetzeko ere. Bestalde, «zaurgarritasun» egoeran dauden migratzaileei behar dituzten baliabideak eskaini nahi dizkiete «erantzun humanitario» egokia emateko, eta arreta berezia jarri nahi dute emakumeengan, adingabeengan eta giza eskubideen urraketen biktimengan. Horrekin batera, erregularizatu gabe dauden migratzaileei eta bidaiderik gabeko adingabe eta gazte atzerritarrei behar dituzten baliabideak ematea hitzartu dute. Itunean jasota dago «esku hartze humanitarioa» eta «prebentzio neurriak» ere sustatuko dituztela.

Iturria

Berrien zerrendara itzuli