HAISERA > PRENTSA

Arrazakeriaren eta xenofobiaren eztabaidari azala kentzen

Berria: 2020ko-06-30

Gorka Moreno Márquez

George Floyden hilketak mahai gainean jarri du berriz ere arrazakeriaren inguruko eztabaida eta kezka. Beste batzuetan gertatu den bezala, poliziaren neurriz kanpoko ekintza batek Estatu Batuetan ematen den egoeraren berri eman digu; ondoren eman diren protestak anitzak eta zabalak izan dira. Michel Wiewiorka soziologo frantsesaren arrazakeriaren inguruko sailkapenari jarraituz, Estatu Batuetan gertatutakoa arrazakeria instituzionalizatuaren barruan kokatuko litzateke.

Gurera ekarrita, eta Euskal Herrian zentratuz, zer esan dezakegu arrazakeriari buruz? Arrazakeria instituzionala ematen al da? Bertako instituzioen jarrera eta jokamoldea kontuan izanik, uste dut gehiegi izango litzatekeela hori esatea, nahiz eta horrek ez duen esan nahi paradisuan bizi garenik. Hortaz, bi errealitate ezberdinen aurrean kokatzen garela uste dut.

Lehenik eta behin, hemen nagusiki etorkinen kontrako jarrera ezkorrak dira ematen direnak; hortaz, arrazakeriari eta xenofobiari loturiko dinamikak dira nagusitzen direnak. Hori esanda, etorkinen aurrean jarrera ezkorra dutenen kopurua oso handia ez dela azpimarratu behar dugu; horixe bera esaten digu Ikuspegik —Euskal Immigrazioren Behatokiak urtero egiten duen barometroak—, non talde hau %15"25 inguruan kokatzen den urtearen arabera.

Era berean, etorkin guztiak ez zaizkigu berdinak iruditzen, sailkapenak egiten ditugu, klase sozialaren zein jatorriaren arabera. Zentzu horretan, argi agertzen da gutxien gustatzen zaizkigun etorkinak magrebtarrak direla, abegikotasun"maila betiere bostetik behera kokatzen da, gainontzeko bestelako jatorriko etorkin taldeekin ez bezala. Hori azaltzeko faktore ezberdinak daude, historikoak, nazioarteko politikari lotutakoak edota erlijiosoak. Baina, azken finean, datuek erakusten digutena da gugandik gertuen dauden etorkinak direla gehien gustatzen zaizkigunak, Europa Mendebaldekoak edota Latinoamerikako Hego Konoko lurraldekoak, esaterako. Eta alderantziz, magrebtarrak dira kulturalki eta sozioekonomikoki gugandik urrutien daudenak. Uste dut alarmak pizturik izan behar ditugula talde horren inguruan. Gutxien gustatzen zaizkigunak dira eta gainera gizarte zaurgarritasun gehien pairatzen dutenak; beraz, konbinazio batere ona ez.

Diskurtso ezkorretan eragina duten aldagai edota faktoreei erreparatuz, Euskal Herrian zein Espainiako Estatu edota Europa mailan batzuk errepikatu egiten dira. Adina, ikasketa"maila, erlijiotasuna, hiri"herri izaera, ideologia, eta abar. Horrela, bada, zenbat eta adin gehiago, ikasketa maila baxuagoa, erlijiotasun —katolikotasuna— handiagoa, herri izaera edota ideologia eskubikoagoa, jarrerak ezkorragoak izaten dira, eta alderantziz.

Baina badago aldagai horien artean deigarria iruditzen zaidan bat, klase sozialari erabat lotuta, diru sarrerena hain zuzen ere. Horrela, bada, zenbat eta diru sarrera gehiago izan, orduan eta jarrera baikorragoa etorkinen aurrean. Beste era batera esanda, klase ertainak dira etorkinen alde agertzen direnak; eta, aldiz, ekonomikoki okerren daudenak dira etorkinen kontrakoak.

Pentsatu daitekeen moduan, ez da batere harrigarria dinamika hori. Diru sarrera nahikoa duen pertsona batek ez du bere lanpostua arriskuan ikusten etorkinak etortzeagatik, eta, gainera, etorkin horietaz baliatu daiteke bere ongizatea handitzeko —etxeko lanak egiteko etorkinak kontratatuz, adibidez—; beste era batera esanda, abantaila guztiak eta desabantailarik ez. Baina kokatu gaitezen egoera zaurgarrian dauden pertsonen azalean. Etortzen diren etorkinak euren lan sektoreetan lan egiten dute eta noski, ezin dituzte etorkinek bertakoei eskaintzen dizkieten abantailez disfrutatu.

Testuinguru horretatik abiatuta, uste dut arrazakeria edota xenofobiaren gaia askotan lantzen den baino sakonago edota harago joan behar garela. 1.000 euro baino gutxiago irabazten dituen pertsona bat arrazista al da? Azaleko errealitatea aztertuz, datuek baietz esango ligukete. Baina kokapen sozioekonomikoa kontuan hartu behar dugu. Bere egoera ekonomikoa hobeagoa izango balitz ere arrazista izango al litzateke? Hori da nire ustez galdetu beharrekoa, eta erantzunaren arabera arazo horri aurre egiteko modua erabat aldatzen da.

Horri erabat lotuta, arriskutsua den eta askotan ikusten dugun errealitate bat mahai gainean jarri nahiko nuke. Zenbatetan ez dugu ikusi klase ertaineko jendea gaizki daudenei arrazista deitzen. Ez dut uste batere probetxuzko estrategia denik; izan ere, eztabaida maila bertutetsu batera eramaten dugu, non onak batzuk diren eta gaiztoak besteak. Esango nuke batzuk ez direla hain onak —edo, gutxienez, testuinguruak hobetu egiten dituela—eta besteak ere ez direla hain txarrak. Jarrera ezkorrei aurre egiteko, uste dut eztabaida normatiboak alde batera utzi behar direla, eta gehiago pentsatu jarrera horiek sortzen dituzten zergatietan.

Helburua errealitatea hobetzea bada, eta ez nork bere buruari zer ona den esatea zilborrari begira, arrazakeriaren sakoneko faktoreei eragin behar zaie, eta ez gelditu horren kanpoko azalean. Horrek batzuetan bertutasunaren kontra egiten du, eta zikindu beharrean egongo gara, bide zailago baino eraginkorragoa nire ustez.

Iturria

Berrien zerrendara itzuli