...

100. begiradara iritsi gara, Ikuspegirentzako mugarri batekin: 23 urteko ibilbidearen ondoren, unibertsitateko katedra bihurtu gara. Hori dela eta, 2004ko abendutik hona, erradiografia estatistikoen bilduma hau hasi zenetik, argitaratu diren datu garrantzitsuenetako batzuk bildu ditugu. Zenbait estatistikaiturritatik abiatuta, hainbat datu aurkezten dira, hala nola: atzerritar jatorriko biztanleria, EAEkoa eta eskualdekakoa; bizileku- edo egoitza-dokumentazioa indarrean duten atzerritar nazionalitateko pertsonen administrazio-egoera; nazionalitatea lortzeko prozesuari buruzko datuak; lan-jarduera; nazioarteko babesa, eta, azkenik, Ikuspegik urtero egiten duen Euskadiko atzerritar jatorriko biztanleriarekiko Irekitasun Indizearen bilakaera.


Laburbilduz

  • 2026ko apirilaren 1eko behin-behineko datuek erakusten dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoan atzerriko herrialderen batean jaiotako 346.341 pertsona bizi ziren; hau da, EAEko biztanleria osoaren % 15,4. Azken urtean, atzerrian jaiotako biztanleen kopuruak 20.000 pertsona baino gehiagoko hazkundea izan du EAEn, eta horrek berretsi egiten du pandemia amaitu ostean hasitako goranzko joera. Hazkunde hori, hein handi batean, Latinoamerikako biztanleriaren etorrerak eragin du (etorri direnen % 83,2 dira).
  • 2026ko martxoaren 31n, EAEn atzerriko nazionalitatea duten 199.652k dute indarrean egoitza-dokumentazioa, eta 1.730 pertsonak ikasketengatiko egonaldi-baimena dute. 2013az geroztik izandako bilakaerak erakusten duenez, egoitza-dokumentazioa indarrean duten pertsonen kopuruak gora egin du, eta erkidegora iristen diren atzerriko nazionalitateko pertsonen migrazio-fluxuen antzeko joera izan du.
  • 2026ko martxoan erregularizatuta dagoen atzerriko nazionalitateko biztanleriaren tasak —estimazioa da— erakusten du EAEn erroldatutako atzerritarren % 82,8k dokumentazioa indarrean duela. Adierazle horren bilakaera migrazio-fluxuen joerak baldintzatzen du: migrazio-fluxuak igotzen direnean, tasak beheranzko joera izaten du, eta fluxuak moteltzen edo murrizten direnean, berriz, adierazle horrek goranzko joera du izaten du. Era berean, 2026. urteko erregularizazio-prozesu ezohikoak berekin ekarriko du, ziurrenik, egoitzabaimenen kopurua nabarmen handitzea.
  • 2025. urtean, 10.019 pertsonak lortu zuten Espainiako nazionalitatea EAEn. Ez da prozesu homogeneoa izan; aitzitik, azken bi hamarkadetan hainbat etapa eta une bizi izan ditu. Urteetan zehar, nazionalitatea eskuratu duten pertsona gehienek egoitzagatik lortu dute, eta, zehazki, bi urte jarraian hemen bizitzeagatik. Aukera hori, batez ere, Latinoamerikatik etorritako pertsonei aplikatzen zaie. Hala ere, migrazio-fluxuak finkatzearen ondorioz, azken urteetan pisu handiagoa hartu dute hamar urte bertan bizitzeagatiko nazionalizazioek, baita jaiotzagatikoek ere.
  • 2025ean 7.048 nazioarteko babes-eskaera erregistratu ziren Euskadin. 2024an, oraindik ere, Venezuelaren kasua nabarmentzen da, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen jatorrizko herrialde nagusia izaten jarraitzen baitu. Deigarria da Senegalen kasua ere: azken urte honetan eskatzaileen jatorrizko sei herrialde nagusien artean agertzen da.
  • 2023ko EPOEko datuen arabera, atzerritar jatorriko biztanleen % 62,6 okupatuta daude, % 22,6 ez-aktibo eta % 14,7 langabezian. Lan egiteko adinean dagoen atzerritar jatorriko biztanleriaren okupazio nagusiak hauekin lotutakoak dira: etxeko zerbitzua (% 16,5) eta ostalaritza (% 15,5), eta, atzetik, merkataritza (% 13,5), eraikuntza (% 11,6) eta enpresentzako zerbitzuak (% 10,2).
  • Azkenik, atzerritar jatorriko biztanleekiko Irekitasun Indizearen bilakaerak (2025ean 65,85 puntukoa zen 100etik) erakusten du jarrerak tarteko puntu batean daudela, eta ez direla hurbiltzen muturreko jarreretara eta beste eremu batzuetan ikusten den goranzko polarizaziora. Oraindik hobetu daitezkeen alderdiak badiren arren, joera nahiko inklusiboak eta atzerritar jatorriko biztanleriarekiko jarrera irekia nagusitzen dira.